SORTZEN Elkartea sare publikoko ikastetxeak bere osotasunean hartzen dituen erakundea da, hau da, bertan eskola komunitateko kide guztiek dute lekua eta parte hartzeko erantzukizuna: irakasleek, gurasoek, eskola-langileek eta ikasleek. Egun, Nafarroako, hainbat ikastetxe, guraso elkarte eta eskola-kide ari da Elkartean lanean.
Denok lagundu behar dugu guztiona den proiektu honetan, denon parte hartzea beharrezkoa baita, helburu dugun Euskal Eskola Publiko Berria eraikitzeko:
- Euskalduna eta eleanitza.
- Autonomoa, pedagogian zein kudeaketan.
- Langileen iraunkortasuna eta finkotasuna bermatuko duena.
- Demokratikoa zinez, zeinean eskolako partaide guztiek (ikasleek, gurasoek eta langileek) aukera duten, proiektuan eta kudeaketan eragiteko eta erabakiak hartzeko.
- Kalitatea ardatz duena, laikoa, hezkidetzan oinarritua, integratzailea; eta diskriminazio mota guztiak bazterturik, balioen hezkuntzan oinarritua.
- Hezkidetzan oinarritutakoa.
- Doakoa benetan eta pedagogia berrikuntzan aitzindari.
Egun Nafarroa Garaia da gure eragin gune nagusia, baina, Euskal Herriko gainontzeko eragile eta ikastetxeekin ere elkarlanean ari gara. Sortzen elkartean, “Euskaraz Mintza”, “Euskararen Normalizazio Planak”, “Euskara Antzokira” edo “Jauzi” eskolaz kanpoko jardueren bilatzaile digitala bezalako proiektuak antolatzen ditugu, horrekin batera, euskararen normalkuntza ardatz duten ekimen ugari antolatzen ditugu ere, eskolekin eta irakasle eta langileekin elkarlanean.
Egun, Nafarroa Garaiko 50 ikastetxe inguru ari dira gurekin lanean, eta dauden eginbeharrak handiak bezain ederrak dira. Hortaz, zerorrek ere lagun dezakezu guztiona den proiektu honetan.
Gure eginbeharrak, lau hitzetan
- Euskararen normalkuntzak du lehentasuna Sortzenen, eta ildo horren baitan hainbat ildo jorratzen ditugu: Nafarroa osoko auzo eta herrietan euskaraz ikasi eta bizitzea bermatzeko lanean ari gara. Ikale euskaldun eleaniztunak sortzeko proiektua landuz eta ofizialtasunaren aldeko dinamikak sustatuz euskalgintzarekin elkarlanean.
- Irakaskuntzako gainerako eragileekin batera, Hezkuntza Sistema propioa lortzearen alde lan egitea, aurretik nahi dugun eredua guztion artean zehaztuta, etorkizuneko eskola publiko berria eraikitzeko.
- Koordinazio eza eta helburu komunen sakabanaketa berezko ezaugarri dituen Eskola Publikoan, ikastetxeak biltzen dituen sektore guztien elkarlana ahalbideratzea, alegia, irakasleen, gurasoen, ikasleen eta bestelako langileen arteko elkarlana; horretarako, eskola-komunitate osoko kideak Elkarte bakar batean biltzen ditugu, helburu komunen atzetik.
- Ikastetxeen autonomia iparra izanik, bere proiektua garatzeko beharrezko dituen eskumenak lortzeko urrats berriak ematea.